Biografia

XABI SAN SEBASTIAN

Donostiako Estudio 4 eta Jazzlen eta Madrideko Taller de Músicos-en burutu zituen musika eta kitarra ikasketak, Alberto Lizarralde, Óscar López, Joaquín Chacón eta Chema Sáiz irakasleekin besteak beste.

Izotz plaza taldean kitarrajole eta kantari izan zen zortzi urtez, 1995. urtean disko bat kaleratuz.

Ondoren, Alboka taldera batu zen abeslari eta gitarrajole gisa, euskal herri-musikan murgilduz. Bertan Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin topatu zituen, besteak beste, mundu zabaleko hainbat leku eta folk jaialditan kontzertuak eskainiz (Womad, Celtic Connections...)  (EEBB, Irlanda, Eskozia, Italia, Grezia, Alemania, Ejipto...)

Albokarekin lau diskotan kolaboratu du Bi Beso Lur (1998), Lorius (2001), Lau Anaiak (2004) eta Lurra, ur haize (2017). Lorius diskoan eta ondorengo kontzertuetan Martá Sebestyen kantari hungariarra eta Eliseo Parra espainiarrarekin batera abestu zuen.

Kepa Junkeraren Maren (2001) diskoaren ondorengo kontzertuetan kantari bakarlari izan zen.

Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saioan aritu zen hainbat urtez, bertso jarriak kantatu eta musikatzen.

2004. urtean bakarkako lehenengo lana argitaratu zuen Orai (No-Cd Rekords) euskal musika tradizionalaren ikuspegi berrituaz. Suso Saiz izan zuen produktore eta Tino di Geraldo, Kishoo Monthieux, Mikel Irazoki, Oreka Tx, Juan Mari Beltran, Joserra Senperena eta Mercedes Peón bildu zituen lanak, besteak beste.

2005ean Alasdair Fraser biolinjole eskoziarra eta Natalie Hass biolontxelojole kalifoniarraz bira egin zuen.

Zine laburmetraientzat musika konposatu eta ekoiztu du; hala nola, Lluvia, Nuevas Islas, Hara, Vuela por mí, Jirafas, La canción del pirata.

2005. urtean Euskal Telebistako Euskal Kanturik Onena saioan parte hartu zuen, Xalbadorren Heriotzean txapelketaren kanta irabazlea abestuz eta beste kantariekin batera izen bereko diskoa grabatuz, EKO (2005).

Hurrengo hilabeteetan telebista saio horretan oinarritutako ikuskizuna plazaratu zuen, euskal musika modernoaren ibilbidea kantaldiz kantaldi laburbilduz.

2008ko udan Alasdair Fraserrek penintsulan antolaturiko lehenengo Fiddle camp-en parte hartu zuen, kitarra klaseak eta euskal musika tradizionalari buruzko ikastaroa eskainiz.

2009an Ospela argitaratu zuen Elkar diskoetxearekin, bere bakarkako bigarren lana.

2009-2011 tartean Gu Gira eta Euskal Herriko Lur Maitea ikuskizunetan musika taldearen zuzendaritza artistikoa eraman zuen. Kantari parte hartzaileak: Niko Etxart, Txomin Artola, Pantxoa ta Peio, Gorka Knörr, Urko, Gontzal Mendibil, Xeberri, Anje Duhalde, Erramun Martikorena...

2010ean Ahotsetan ikuskizuna sortu eta eskeini zuen Harkaitz Cano idazlearekin batera.

2012an Erraiak kaleratu zuen, bakarkako hirugarren lana (Elkar), sustraidun rockean murgilduz.

2017an Zuhaitzak ez du beldurrik lana argitaratu zuen. Folk-rock diskoa, esperimentazioari ate bat irekitzen diona eta tarteka Mikel Laboaren "Lekeitio" ahots inprobisazio famatuetara hurbiltzen dena.

2018tik aurrera Musikariak Ikastexeetan programan parte hartzen du, euskarazko sorkuntza Euskal Herriko ikasle gazteei hurbiltzearren sortutako ekimena.

2020ean Loreak eta Zauriak ikuskizuna sortu zuen Beñat Gaztelumendi, Joserra Senperena eta Quico Pugésekin batera. Bertan Xabier Leteren kantagintzaren eta bertsolaritzarekin zuen erlazioaren berirakurketa egiten dute, bere mezuak gure garaietara ekarri nahian. 2020 eta 2021 urteetan eskaintzen dute antzoki eta aretoetan.

2023ean Betazalak (Belarri) lan berria argitaratzen du.