Hitzak
Betazalak - Hitzak
1- INORK EZ
Inork ez zuen ekaitza hurbiltzen sumatu. Inork ez zuen laino ilunik ikusi zeruan. Inork ez zuen kaioen zalapartarik aditu, ez zaldien urduritasuna gauean.
Pozik ginen ala ez, ezin naiz oroitu… Oinak zoruan sartuta, soa ortzimugan. "Zertaz kexatzen ginen?" Orain galdetzen didazu, zerua eta lurra osorik ziren artean.
Eta hemen gaude, norbere harkaitzari helduta, bueltak eta bueltak ematen ixilik gauean. Etsipenaren gainetik amorruz burua altxatuz, oraindik bizi diren loreak usaindu nahian.
Inork ez zuen uste, inork ez zuen nahi. Bihotzak urrun daude, ez dira gai sentitzen. Zauriari odola dario eta minak, oraindik, hor dirau.
Hitzak: Xabi San Sebastian
5- ANDRESI
Trenbideko langile txartela, bizarra kentzeko aitzur bi, brotxa, txiskeroa, zenbait osasun ziurtagiri, Errepublikako hogeita hamar xentimo, bi argazki.
Santoñako Penalean amaitu. Errioxar Agontzillon hasi. Bidean, Goierri, Donostia eta hainbat geltoki. Lan egin, maitatu, mundu hobe baten alde zutik jarri.
Eta izan ez zena ahoz aho dator ihesi. Odolak darama lur berri baten bila, bizi, duintasunaren hazi.
Larogeita bost urte ondoren nazionalen esku oraindik. Hezur mendi bat lurpetik ari zaigu kantari. Haien kantua gure ahotsez altxa dezagun zutik.
Eta izan ez zena ahoz aho dator ihesi. Odolak darama lur berri baten bila, bizi, duintasunaren hazi.
Eta izan ez zena bihotzetan dator ihesi. Odolak darama lur berri baten bila, bizi, duintasunaren hazi.
Hitzak: Xabi San Sebastian
8- ARDI GOSETUAK
Ardi gosetuak gora begira daude eta ez dira gorriak. Baina puztuta daude haizez eta arrastaka daramaten lanbro kerratuaz.
Ustelak barrutik, kutsadura kirastua barreiatzen dute, beeee, beeee. Otsoak, egunero, presaz eta ezer esan gabe, atzamarkada ezkutuaz irensten dienaz gain.
Hitzak: John Milton
Itzulpen akastuna: Xabi San Sebastian
2- ENTZUN
Zenbat izen dauden ilaran langabeziaren kristalen alderik alde?
Zenbat izen diren zenbaki? Zenbat uniforme zaindari mugaren jabe?
Garai urtu hauen, oihu mutu hauen hitzik ez dut baina entzun arren.
Zenbat lepo dauden zintzilik hipoteka baten sokatik arnasik gabe?
Zein da Gernikaren, Lancreren, itzali ez diren sugarren minaren mende?
Garai urtu hauen, oihu mutu hauen hitzik ez dut baina entzun arren.
Entzun. Entzun. Entzun.
Hitzak: Beñat Gaztelumendi
4- LORRATZAK HAREAN
Zurrumurru gara harrien denboran; laztan eta damu, lorratzak harean.
Zerumuga urrun eta oinak urgoran; iraun dezakegu, lorratzak harean.
Su garraren distira bat, ulertezin bezain eder.
Eta zer ez da galdu aroen ilgoran? Eta ezer ez da galdu, lorratzak harean.
Su garraren distira bat, ulertezin bezain eder. Su garraren distira bat, iraunezin bezain hemen.
Su garraren lorratz gara, hondar ale, iraunezin bezain eder, ulertezin, su garraren hondar ale.
Hitzak: Iñigo Astiz
6- LERRO ETENAK
Berriro dela azaroa, eta ikaratzen nau ez al naizen bizi bizitzearren. Eta errepideko lerroak, lerro eten horrek, morsez dio noren zauri garen.
Zuzen jokatzea zer da bide okerrotan? Ez al gara okertzen zuzen segitzearren? Eta errepideko lerroak. lerro eten horrek, josten ditu garen zauri horiek.
Eta orain, zuganaino iristean, oroitzen dut etxe bat zer den: norbait badakiena honaino nondik iritsi zaren.
Ez nuen beti asmatu, baina saiatu naiz norantzari eusten haize den arren. Eta errepideko lerroak, lerro eten horrek, lotzen gaitu ginen zauri haiei.
Eta orain, zuganaino iristean, oroitzen dut etxe bat zer den: norbait badakiena honaino nondik iritsi zaren. Nondik?
Eta orain, zuganaino iristean, oroitzen dut etxe bat zer den: norbait badakiena honaino zer zauritik zatozen.
Hitzak: Iñigo Astiz
9- GURE ZERRIAK
Gure zerriak loditu besterik ez daki. Ingurua jan, dena tripa egin basaki. Errurik ez du, bere sena horixe izaki, baina nork jarri du etxe-nagusi? Nork daki?
Zerri gaixoa, belazea lokaztu zaio. Irristan dabil, ez daki nora jo, arraio! Maite duena zaintzeko ez zen bera jaio. Sukarrez dago, aio zerri gaixua, aio.
Ez utzi zerriari bizitza zer den belarrira xuxurlatzen. Ez, berak ez baitaki. Nola jakingo du ba zerri batek?
Dena ez du txarra, abila da fruituak biltzen. Astuna baina; ez gaitu bakean uzten. Nekeza zaio bizitza bere horretan hartzen. Zerri itsua, jaten ez dena ez du ikusten
Lagun maiteok: utzi ba alferkeria, jarraituz gero txikituko baitu herria. Badakit zera, afera hau ez dela berria, baina, lagunok, nork lotuko du zerria?
Ez utzi zerriari bizitza zer den belarrira xuxurlatzen. Ez, berak ez baitaki. Nola jakingo du ba zerri batek?
Hitzak: Xabi San Sebastian
3-KONPAI
Herriko goiko kaleko hamabigarren ate parean jarririk zeunden.
Ardo berriaren eta iraultza zaharren lurruna denok dakigu zein den.
"Erre dezagun mundu hau mundu zikin hau" zenion surik ez izan arren.
Auskalo eskuin hanka non galdu zenuen. Oinez ezkerrerantz beti herren.
"Konpai" hala esaten zenigun bai munduari ta bai niri. Noizbait nik ere nahi nuke zure zapatetan ibili.
Beti ahoan zeneukan zigarroaren keak urrun eraman zintuen.
Ez dakit seguru nora joan ote zinen, pintada bat gelditu zen hemen.
"Erre dezagun mundu hau mundu zikin hau" zenion surik ez izan arren.
Galdetu nahi nizun geratzen ote den zerbait guztia eman ondoren.
"Konpai" hala esaten zenigun bai munduari ta bai niri. Noizbait nik ere nahi nuke zure zapatetan ibili.
Hitzak: Beñat Gaztelumendi
7- GURE BEGIEN DISTIRA
Gure begien distira defenda dezagun. Ezpataz zulo bat ireki dezagun zerura. Gure arimak topatu dezan bertan nahi duena, hodei txikiena, unibertsoaren jarduna.
Nire kapela jira ezazu atzetik aurrera eta hitz egingo dizut zure aita banintz bezala.
Zure bihotzak ukitu beza taupadez neurea denboraren jabe lurrean etzanda gaudela.
Eta senti dezagun txikiak garela, bihotzean azkura, begiratzen dugunean izarren arteko hutsune urruna.
Oro maitatuko ditut honako bideak: Zuzen ederrenak, betiko galdu zirenak…
Zuhaitzen seme maitea, dantzatzen dakiena, oinutsik munduan haizea margotzen duena,
lerro bat tira ezazu bihotzetik zerura, lurraren erditik ametsen habi ezkutura.
Eta senti dezagun txikiak garela, bihotzean azkura, begiratzen dugunean izarren arteko hutsune urruna.
Eta senti dezagun bizirik gaudela, bihotzean azkura, begiratzen dugunean izarren arteko hutsune urruna.
Hitzak: Xabi San Sebastian
10- JANTZI GAUR BIHARKO ARGIZ
Sasoi bat, gurea: erdizka urrea. Berant heltzen diren erantzunen gose. Irrikaz barreen, izarren, laztanen, arnasa hartzeko bazter ttipi baten…
Akaso ez gara behin izan ginena… Garena ere ez: Tai gabe aldatzen. Eramaile gara garamatzanaren; biharko galderez gaurkoak biluzten.
Jantzi, jantzi, jantzi… gaur biharko argiz!
Nor zaren, zer garen, nork daki ondoen? Ikaren ondoren izuak uxatzen. Lagundu zigunak, hark daki zer garen: zirrara behinaren, zaindari elkarren.
Jantzi, jantzi, jantzi… gaur biharko argiz!
Hitzak: Harkaitz Cano
Zuhaitzak ez du beldurrik - Hitzak
1- NEREARI
Banatuz zoaz zure mamia inguruko izakien artean. Pozik daramate beren zatia betirako altxorra bailitzan.
Zoaz, zuhaitz eta tximeleta, zoaz, xagu eta baso beltza.
Banatuz zoaz zure izana inguruko bihotzen artean. Pozik daramat, Nerea, betirako altxorra bailitzan.
Goaz, zuhaitz eta tximeleta, goaz, xagu eta baso beltza.
Edan lasai, asetu orain gure malkotan. Hazi nonahi: Gure hatsa, gure pausotan...
7- IKUSEZINA
Ikusezina eta entzunezina entzunez eta ikusiz esanezina esateari ekiten dionean, orduan, orduan hasten da (gizona), ez lehenago, itsu-gor-mutu izateari utzi eta, dagokion betean hitz egiten, zinez, (eta) benetan ikusten, entzuten...
2- ZUHAITZA
Zula ezazue, adarrok, sapaia. Zerua urratuz gora, gora. Gora trabarik gabe.
Altxa burua, luza lepoa, ireki bularra, ireki. Irten bihotza hegan libreki.
3- HAIZEA GOZATZEN
Azken egunean, hasi zinetenean abesten (e)ta negarrak hartu ninduen, argi ikusi nuen.
Bidea malda behera bilakatu zen, eta bazegoen.
Egina zegoen. Hasieratikan han zegoen. Ez nuen ikusten…
Haizeaz enekin etzanda gozatzen…!
4- BASAMORTU EPEL
Pauso nekatuak, arrasto luze bat atzean utzia… Putreak zeruan, hondarra oinetan, aurrean bakea…
Ondo nago hemen, eguzki goxoa, hezurrak airean… Irribarre hila, lehorra, geldoa, ondo ikasia…
Basamortu epel, txikia, handia bere lehortea. Hain txikia...
8- E.S.K.
Euskal Sodomiten Kluba egun pasa Arantzazura. Arantza arteko plazerrak bedeinkatzeko ordua.
Eman sodomita gazte, bai senar (e)ta bai emazte! Hartu sodomita gazte, bai senar ta bai emazte! Gora gorputza askatuta! Jo ta ke loratu arte!
Hurrengo irtenaldia Akelarre-bazkaria. Goxo janez omentzeko Sodomako martiriak.
5- ITSASO GUREAK
Itsaso gureak apenas du ihesbiderik. Guk bertan ere ez. Eta balizko marinelek ezbaian dihardute ele ederrak daudenentz, ala lehorrean maiteek ahoskatu ahal izanak edertzen dituen.
Baina itsaso gureak, egia dakien arren, ez die erranen. Ez die ihesbiderik utziko.
6- AMETSA (Apirilaren laugarren gaua.)
Hurbildu naiz nere etxera, zer ote da? Hau jendetza zerbaiten zain...
Sartu egin naiz portalera, jende artetik banoa eskailera gora.
Nere aurretik kultur jendea, eta Euskera apaizez jantzia...
Sartu dira euskaltegira, ni atzetik, zer den ikustera
Euskera-apaiza erori da, inguruan denak, denak izututa...
Igo dute aulkira, alperrik da, berriz bota du, berriz bota du, berriz bota du bere burua Lurrera.
Libertitzen ari da, aurpegi bihurria.
Apurka-apurka igo du gona belaunean gora, izterrak erakutsiz, zabal-zabal eginda.
Emea da Euskera! Alua du ageri, a lur gozo, hezea!
9- ATEA
Garuna da barea, begiak bi bola, biriketan bi hauspo, balea gibela. Giltzurrunak xomorro, sabela sugea, bularrean ahoa, barrura atea.
Lamina urdin garbia, ura (e)ta argia. Atarian lotuta arto (e)ta garia. Axkuri-maxkuria, sugandila pila. Ahurra da alua, harroa zakila.
Bihotzean dago txoria, (e)ta bere txio bakoitzean ezer eskatu beharrean ematen du dena.